Yonki batekin solasaldi
emankor bat izateko zailtasuna lokartutako neuronei egotzi izan zaien
arren, ba omen da faktore bat hipotesi aski hedatu hori errotik
aldatuko lukeena: txandala. Gimnasio gertukoenera jo eta
homobigorexikus batekin hizketaldi bati ekiteko saiakera egitea
besterik ez du behar batek txandalak eragin ditzakeen kalteetaz
jabetzeko. Horixe azken asperraldiak bultzatuta sarean ikusitako
monologo batek zioena, horixe gaur goizean bizitako ordu erdi
tragikomedikoaren osteko hausnarketak gogora ekarri didana.
Ez dakit nola bukatu
dudan han, egunotako haize boladek nigan eragindako siroko
ulergaitzen batengatik agian, edo birritan pentsatu gabe baietz
esateko daukadan erraztasun ulergaitzarengatik akaso. Kontua da,
pilula, irabiaki eta barrita nutrizionalen enboskadan jauzi naizela
ohartzeke, homobigorexikus baten galdetegiari erantzutera beharturik.
Zer nahi duzue esatea, gau ero baten osteko makina bat goiz partekatu
ditut anestesiatutako garunen arteko solasaldian murgildurik, baina
guztietatik surrealistenaren saria gaurkoak eramango luke dudarik
gabe.
Elkarrizketari
hasiera emango zion eta erretorikoa izan behar zuen “Telebistako
kirol saioak ikusten al dituzu?” galderari
ezezko borobil batekin erantzun diodanean, zomorro baten aurrean
balego bezala begiratu dit F.C. Barcelonako babesle den enpresaren
produktu banatzaileak, ezer esateko aukerarik eman gabe “Bada
HERBALIFE, gure enpresa, 'culé'-en patrozinatzaile da”
erantzunez bere enfasi guztiaz. Begirada bizkor batekin inguruko
txoko guztiak errepasatu eta inongo kameraren presentziarik ez dela
baieztatu ostean, “Margaret-en Show”-a izeneko reality baten
existentzia posiblea deskartatu dut. Zabor osasuntsu saltzailea nire
bizitzaren patrozinatzaile ez dela jakiteak lasaitu nau.
Iragarkien
tartea behin bukatuta, parean zeukan zomorroak pilulak agian bai,
baina nutrizionalak erosteko inongo asmorik erakusten ez zionez,
honen elikadurari lotutako zenbait galdera egiteari ekin dio. Zer
gosatzen dudan, zenbat jatordu egiten ditudan egunean, zenbat ur
edaten dudan, ... baita kaka ondo egiten al dudan, azken galdera hau
“Danone Activia” estiloan formulatuta noski. Nire kafe
kontsumoaren berri eman izan ez banu, hominido osasuntsuen artean
toki bat egitea posible izango zitzaidalakoan egon naiz momentu
batez. Baina gorputz gihartsu eta osasungarrien artean toki bat
egitea horren erraza delako ustea zein inozoa den erakutsiko zidan
elkarrizketaren alderdia entzuteko neukan oraindik.
Neurri
eta gorpuzkeraren eremu tamalez konfliktiboan sartu gara jarraian,
eta zenbat neurtzen eta pisatzen dudan galdetu didanean ez dakidala,
urteak direla pisatu eta neurtu ez naizela erantzun diot bere
harridurarako. Ea berak egunkari bat irakurri zuen azken aldia zein
izan zen galdetzeko gogoari eutsiz, jokoari jarraitu eta
homobigorexikoek egunkariei ez bezala, momorroek baskulei bildurrik
ez diegulako erakustaldian honen gainera igo naiz. Pantailak emandako
datuak gorputzeko beste zenbait neurrirekin batera ordenagailuan
sartu, eta pare bat minuturen buruan esanguratsuak izan beharko
zitzaizkidan ondorioak azaldu dizkit. Aztertutakoaren arabera
pertsona osasuntsuaren parametroetan sartzen omen naiz, anomaliarik
ez nire zomorrotasunaz aparte. Hori bai, idealena, kakamarro izatetik
libratuko ninduena agian, gantzetan ditudan kilo batzuk kendu edo
zuntz bilakatzea omen litzaidake. Ideala, bai. Beste era batera
esanda, 90-60-90 emakume prototipoa. Estandar perfektua, zuntz eta
gantzaren artean silikona txertatzea ere ahalbidetzen duena.
Idealaren kontzeptu nahasia beste behin.
Eta
ez hori bakarrik, azterketa fisikoaren azken puntuarekin nire adin
metabolikoa zein den ezagutzera eman dit. Honek nire benetako
adinarekin gordetzen duen zehaztasuna ikustean, natura, nire
organismoa kasu honetan, zein perfektua izan daitekeen eman diot
aditzera naturaltasun guztiz eta rekotxineo apur batekin. Errukiz
begiratu dit, beti ere gaztetasuna gordetzea zein satisfaktorioa den
azalduz ni bezalako gizagaixo bati. Berrogei urte betetzean, beneko
berrogei urte ospatu beharko ditut, hau tragedia!
Momentuan
sentitu dudan nazka harrotasun bilakatzea segundu kontua izan da
ordea, zaborrak ondo janda baitauka zaborra dela, eta harro
oihukatzen dut: MOMORROA NAIZ, ZABORRA NAIZ! Kirasdunen Konspirazio
Kolektiboaren izenean diotzuet bost axola digutela zuen
normaltasunaren parametroek, idealaren kontzeptu nahasiek,
estereotipoek, behinbetiko gaztetasunaren ilusio faltsuek. Nahiago
dugu pentsatu eta sortzeko balio duen giharraren lanketari
lehentasuna eman eta gimnasioko listetan zuentzako tokia utzi. Gure
esfortzuaren fruitua ez da 38 zenbakiko praketan sartzea izanen,
baina mundu gaixo honetan enkajatzea arazo ederra dela bezalako
hausnarketak ereitzen ditugu. Baina zuek zuenera, jarraitu jendea
zuen propagargudioekin kutsatzen, zuen txokolate gabeko txokolatedun
irabiaki zikinak irensten eta ostean dena kanporatzeko atzamarrak
eztarrian sartzen, zein zuen buruaren onarpena inorengan (edo kasu
triste eta hedatuenean ispiluan) bilatzen. Ez ahaztu ordea zaborra
zokomiran izango dela beti, zuen isladak kale egin eta ostikoz jotako
ispilua bezala zeouk ere mila zatitan erortzen zareten unean kolpea
koipez leuntzeko.
Orain dela aspaldi urrutira egindako bidaia
batetan ezagutu nuen, edo beharbada ez hain aspaldi eta ez hain urrutira
egindakoan. Ez dakit. Denbora, distantzia, ez ditut serio hartzen. Edo beraiek
dira ni serio hartzen ez nautenak. Berdin dio, ezagutu nuen. Behin. Nonbait.
Ametsetan, akaso. Horrek ez du esan nahi gertatu ez zenik, ezagutu ez nuenik,
istorio hau existitzen ez denik. Horrek ez du ezer esan nahi. Edo dena esan nahi
du.
-Aurkitu zaitu azkenean – esan zidan nondik
zetorren jakin nahirik nenbilen ahotsak – urteak daramatza liburu tontor horren
azpian, zure zain.
Kasualitateak eraman ninduen kalezulo hartan barna
aurkitu nuen liburu denda zaharrera, eta oraindik nirekin behar zuen ahots hori
nondik zetorren jakin nuenean, txiripaz antzeman baitzitekeen agure haren
presentzia liburu-pila haren erdian. Momentu batez, honen jakituriak idatziriko
mendi haietakoaren artean kamuflatzeko ahalmena emanen ziola otu zitzaidan, eta
hasiera batean ideia burugabea bazirudien ere, zerbaitek ez nenbilela oker esaten
zidan. Bazegoen zerbait haren pipa erretzeko, begiratzeko, hitz egiteko eran.
Tabako zupada bakoitzean historian zehar erretako libururen baten kea irentsi,
desagerrarazitako istorio bat errautsetatik berreraiki, eta hau norberarekin
elkarbanatuko balu bezala. Intrigatua ninduen, senak ez zitzaidala txantxetan
ari esaten zidan.
-Nire zain? – galdetu nion urduritasuna estali
nahiko lukeen txantxa tonuaz – nola liteke liburu bat pertsona jakin baten
esperoan egotea? Liburu batek bere irakurlea aukeratzea? Ez dauka zentzurik.
Agureak, musika jogailua martxan jarri bitartean,
liburuari azaleko errepaso bat eman ezkero ulertuko nuela adierazi zidan.
Hutsik, norbaiten historiaren zain balego bezala, orriak zuri ageri ziren esku
artean neukan liburuan. Konturatu orduko zurbil nintzen neu ere, historia jakin
baten gose ziren orri hutsen isla bailitzan ene aurpegia. Disko jogailuko
orratzarekin batera biraka erori nintzen denboraren zuloan, eta handik
aurrerakoa lausoturik ageri zait memorian, kantu bat besterik ez...
When you're strange faces come out of the rain,
when you're strange no one remembers your name, when you're strange, when
you're strange, when you're strange…
Joder, iratzargailu madarikatua! Nahita jarri
zenion The Doors-en kantua egun berri bat hastear delako abixua emango zizun
ahotsari, hau Jim Morrisonena izanik izara artetik askatzea errazagoa izango
zelakoan, baina bai zera! Nagiak atera eta oheko epeltasuna atzean uzteko behar
besteko adorea batu bitartean, ametsetan bizitakoa errepasatzeari ekin diozu.
Aita etorri zaizu bisitan, ohi baino gazteago, etxean dauden album zaharretako
argazkietan ageri duen itxura horrekin. Bizar oparoa, ile beltza, sabela faltan
eta txakur baten konpainian. Ea egun batzuk zurean igaro ahal zituen galdetu
dizu, eta zuk baietz, harrituta baina baietz, gelditzeko behar zuen haina
denbora. Zerbaitek larritzen zintuen guzti hartatik, eta ez zen aitak zuregana
jotzeko gerta zitekeenaren intriga. Geroxeago, txakurrak aita jan duenean,
ohartu zara estutasun haren jatorria non ezkutatzen zen. Ez dakizu zergatik,
baina ispilura jo duzu korrika, eta begien parean islatutakoak kirioak dantzan
jarri dizkizu. Oihu egin duzu. GUAU!
Ez ba! Berriz ere lokartu ez zara ba! Joder, beti
berdin! Ohetik salto egin eta gaurko errutinari ekiteko oraindik nahiko
indarrik gabe, martxan jartzen zara. Berandu zabiltza, ohi bezala. Gauero
gauero, biharkoa “egun bat gehiago” bezala bataiatu dituzun horietako bat ez
dela errepikatuz oheratzen zara, baina kaka zaharra. Bart etxeratzean lurrera
botatako prakak esku artean hartu eta usaindu egiten dituzu. Txakur baten
antzera. Ezin izan duzu barre egitea ekidin. Ez da hainbestekoa darien
taberna-zulo kiratsa, tabakoaren kontrako lege puta horrek onuraren bat izan
behar zuen. Kamiseta eta jertsearekin berdina egin ostean, sukaldetik pasa,
hutsik dagoela jakin arren zerbait aurkitzeko esperantza desesperatuan
hozkailua ireki, eta tripa hutsik atera zara etxetik.
Bart ardoarekin pasa zinela ohartarazi dizu etxe
ondoko obretako burrunbak buruan danbaka, eta sabelean bueltaka daukazun apurra
kanporatzeko gogoari eutsi behar izan diozu langile baten hitz lizunen aurrean.
Atzamar luzeaz egun onak eman ostean, aurrera jarraitu duzu. Semaforoa berde
noiz jarriko ezinegonez itxaroten duten motor-hotsen artetik abiatuz, kontrako
norabidean datorren jende andanaren artean tokia egiteak suposatzen dizun
esfortzuak nekatu zaitu dagoeneko. Hiri puta honetako giroa jasangaitza egiten
da batzuetan!
You got a bad reputation, that's the word out on the town
It gives a certain fascination, but it can only bring you down!
Gogoz ekin diozu gaztaroan hainbestetan entzundako
Thin Lizzy-ren kantua jotzeari, zer gutxiago daukazun bezerorik onenaren nahia
betetzea baino.
-“Bad Reputation”, mesedez, gaur behar dut...
okerreko hankarekin esnatu naiz. Badakizu, atzo pare bat ardo izan behar
zirenak bikoiztu ez, hamarkoiztu egin ziren, eta orain komeriak – aipatu dizu arnasestuka
oraindik.
Lurrean eseri, liatzeko tabakoa atera, eta zigarro
bat erretzeari ekin dio kantua jotzen zenuen bitartean. Hogeita gutxi urteko
neskatxak zure gaztaroa ekarri dizu gogora, garai onak, lagun onak, etorkizuna
eta milaka kantu zeneuzkaten idaztear. Mundua aldatzearekin amets egiten
zenuten, denboraren igaroak munduak zeuok nola aldatzen zintuzten ikusten hasi
zinen arte. Orduan erabaki zenuen zure jaioterritik aldegitea, airez aldatzea,
besteak normaltasuna eta gizalegezko bizitza eredugarrirantz bideratu zituen
zirimola bortitzarengandik ihes egitea. Hasperen batek, kantuaren azken notekin
batera, ekarri zaituzte orainera bueltan. Neskak euro bateko txanpona
gitarraren zorrora jaurtitzean eskaini dizun irribarre zintzoak, oraindik mundu
hau hobetzeko ahalegin horrek zerbaitetarako balio duela jakinarazi dizu.
Aspaldi sentitzen ez zenuen adinako satisfazioarekin, txanpon batzuk bildu eta
ondoko tabernara jo duzu. Duela urte batzuk mundua jango zenukeen, gaur ostera,
barre eta ebaki batekin ase zara.
If I could start again, a million miles away,
I will keep myself, I would find a way
Ez neukan bere asmoen, iritzien, ametsen berri. Ez
nekizkien bere izena edo jaioterria zein ziren, are gutxiago bere istorioaren
inguruko ezer. Inondik ezagutu ez arren, tabernako atetik sartu zen gizon hura
eta kamarerak aurki jarritako kantua elkarrentzat eginak zirela argi zegoen.
Bizitza benetan dastatu eta honen zapore gazi-gozoaren erakusle zen begirada,
beroki beltza eta gitarra gainean, Johnny Cash berberaren aurrean nengoela
iruditu zitzaidan. Eta han nengoen ni, ez hain atzean utzitako nerabezaroaren
zati ederra Arkansaseko izarra baldarki imitatzen pasatutako gizagaixoa, gaizki
egindako “tupe” eta akne garaietan mitifikatutako musikariaren mamua begien
parean agertu izan balitzait bezala.
Ez dakit zenbat minutu emango nituen hari begira,
hamar, bi, bost,... batek jakin, baina hartutako kafe hutsa txanpon txikietan
ordaindu eta atetik irten zuen momentuan jarri nituen berriz hankak lurrean. Denboraldi
eder bat mundutik at igaro izan banu bezala sentitu nintzen. Agur gizon
misteriotsu haren agerpena aurretik neuzkan buruhausteei, koadratu ezinezko
hilabete amaierako zenbakiei eta abstinentzia-sindromeari! Horregatik, entzule
maiteok, zuen bizitza zertxobait eramangarriagoa egiteko nire esku dagoen
bakarra eginaz emango dut amaitutzat gaurko saioa. Bejondeiola rock and
roll-ari!
Taking more than her share, had me fighting for air
She told me to come but I was
already there
The walls start shaking, earth
was quaking
My
mind was aching, we were making it!
Ospitaleko aparkalekua oraindik erdi
hutsik, eta momentuak eskatuta, egunsentiaz gozatzea erabaki duzu. Bustiak
dituzu masailak, bustia bihotza. Esatariak saioa ixteko jarri duen AC/DC-ren
kantuak, korronte elektriko bat askatu du zure barnean. Ezinegonak, bart hamahiru
urteko semeari konfiskatutako tabako paketea ireki eta aspaldiko partez zigarro
bat erretzera eraman zaitu. Kotxeko metxeroa estreinakoz erabili, eta pare bat
kalada eman orduko ke eta gogorapen artean galdu zara.
Hogei bat urte izango zenituen
bizitzan lehenengoz, eta onartu dezagun, azkenengoz, maitemindu zinenean.
Txosnak topera, odola pozoi gozoz zikin eta pozez horditurik zenbiltzala
hurreratu zitzaizun begirada ilun eta sakoneko mutila. Lehen begiratuan
atentzio larregi deitu ez zizun arren, birritan pentsatu barik onartu zenuen
berarekin trago bat hartzeko gonbita. Ordu, garagardo eta speed lerro batzuen
buruan, ostera, begi beltz haiek bilakatu zitzaizkizun munduaren erakusleiho.
Konturatu orduko, gorputz biak bat bilakaturik, bere autoan zeundeten.
-Bizitzako momentu bereziek soinu
banda izan ohi dute, eta hau ez da gutxiagorako… utzidazu kantu bat eskaintzen
– esan zizun AC/DC-ren kasetea irratian sartzen zuen bitartean.
Hamazazpi urte beranduago,
neurrigabeko maitasun baten erakusle izan nahi zuten oihuen, elkarri abestutako
“You shook me all night long” garrasi desafinatuen oihartzuna entzun dezakezu isiltasunak
jan ohi duen erietxearen inguruetan. Luzez gordetako arantza ateratzeko,
ezinbestean eromena urratzen duen sentimenduei bide eman eta gau hartan bezala
abestuz irten duzu autotik. Lotsagarria iruditu zaizu hamarkada oso batez
gaixotasun psikiatrikoak tratatzen aritu zaren horrek, gaur arte musikaren
balio sendatzaileari garrantzirik eman ez izanak. Terapia berria praktikan
jartzeko grinatsu, eguneko lanaldiari ekiteko gogoz barneratu zara psikiatria
sailera.
Ez dut herio modu hau zuen edozein bizimodugatik aldatzen.
Ez dut bizimodu hau zuen edozein herio modugatik aldatzen.
Rock'n'rollak hiltzen eta izorratzen jarraitu behar du.
Kasu berri bat esleitu dizute. Gau eta
egun kantu berbera abestuz pasatzen dituen pazientea omen da 13. gelakoa. Atzo
ingresatu omen zuten, pare bat aste inguru hutsik zegoen liburu hura ez zen
beste ezertaz elikatzeari uzteaz gain, liburu hura ez zen beste hizpiderik ez
zuela ohartu baitziren bere ingurukoak. Espedienteak dioenaren arabera,
gaztearen perfilak inongo gaixotasun psikiatrikoren koadro klinikoa betetzen ez
duen arren, bada zerbait ezberdina haren mundua antzemateko eran. Bertan
denetik ideia berbera mahaigaineratu besterik ez omen du egin: liburu huts
horretan argi ikusi daitekeen bezala, rock and roll-a da guztiaren jatorria,
munduaren benetako historia, erantzun guztien zergatia, gure existentziaren
oinarria.
Aparkalekuan bizitakoa eta gero,
patuak gordetako opari baten aurrean zaudela iruditu zaizu. Denborarik galdu
gabe, hamahirugarrenekoari zure bulegotik pasatzeko abisua eman diezaioten
agindu duzu. Hamar minuturen buruan aurrez aurre dauzkazu, bera eta liburua.
Hitz egiten hasi da.
-Orain dela aspaldi urrutira egindako bidaia
batetan ezagutu nuen, edo beharbada ez hain aspaldi eta ez hain urrutira
egindakoan. Ez dakit. Denbora, distantzia, ez ditut serio hartzen. Edo beraiek
dira ni serio hartzen ez nautenak. Berdin dio, ezagutu nuen. Behin. Nonbait.
Ametsetan, akaso. Horrek ez du esan nahi gertatu ez zenik, ezagutu ez nuenik,
istorio hau existitzen ez denik. Horrek ez du ezer esan nahi. Edo dena esan
nahi du.
"Zoratuta zaude! esaten digute urrunegi joaten garenean, gure egunerokotasuna giltzaperatzen duten mugak zeharkatzen ditugunean.
Zu zoratuta zaude!
Utziguzue gure erotasuna, emakume bezala, gure bizitza giltzaperatu eta ohorea itotzen diguten mugen igarotzean.
Zoratuta zaude - da gainditze honen erreakzio maskulinoa-.
Patriarkatuaren arrazionaltasun hilgarriarenganako gure erreakzioa irain gisa itzultzen digute, gure erradikalismoa atzeman beharko lukeen begizta bailitzan. Ez daukagu erradikal izatea beste aukerarik ordea. Geure bizitza eta ohorea berreskuratzeko daukagun baliabide bakarra da."
Egunez hain apurtezin itxuraz azaltzen zaigunari sendotasun zantzu guztiak erantzi,
egun argitan hain iluna dirudienaren belztasuna ezerezean utzi, eta gorroto
dugun horren kontra egiteko bere ilunpearen babesa eskaintzeagatik, maite dugu
gaua. Ezkutuan daramatzagun sen, burutapen eta asmoei bidea emateko baliatzen
gara eguzkiak ezkutatzerakoan esleitzen digun intimitateaz, eta ilargia konplize
bakartzat, eguneko ordu mortu horiek aprobetxatzen ditugu benetan garen
bezalakoak azaltzeko, onargarriak ez liratekeen ekintzak aurrera eramateko, esan
ezin den hori lau haizeetara oihukatzeko. Itxura, arrazoia, legea, normaltasuna,
boterea, egia, araua, zuzentasuna, demokrazia, jainkoa, moderazioa, eredua,
zibilizazioa bere osotasunean, deformatua ageri da bere gerizpean. Itzal
desitxuratu horren irudia erreproduzitu eta egunez aurrean daukagunaren
benetako itxura zein den gogoan izateko eztandarazten ditugu gauero gure ideiak,
gure adimenaren leherketa eragiten duen detonagailua, ez beste ezer, baitugu
askatasunerako giltza.
Karlosek gorroto ditu astelehen goizak. Batez ere, astelehen goizak. Asteartea, asteazkena, osteguna eta ostirala, tira, eramangarriagoak dira. Baina aste hasiera... aste hasiera beti egiten zaio aldapatsu. Gaurkoa, nahiz eta atzean utzi dugun udararen azken haize epel hondarrek lagunduta etorri, ez da salbuespena izan, eta ezinbestean pasa behar izan du komunetik bulegora sartu baino lehen. Kixketari eman, komuneko tapa jaitsi eta karteran gordeta eraman ohi dituen txartelen artetik bi atera ditu zoriz. NAN-a eta kreditu txartela.
Bere argazkiaren gainean kokaina dosi polita bota eta gogoz, antsietate puntu batekin, ekin dio ilaratxo fin eta luzea egiteari. Tak-tak, bi txartel kolpetan eta profesionaltasun osoz egin du egin beharrekoa. 50 euroko billetea hartu eta hau kiribiltzen hasi denean, derrepente eta inolako abisurik gabe, hotzikara eragin dion pentsamendu bat pasa zaio gogotik. Gezurra dirudien arren, bere kargua lortzea kostatu zaiona eta gero, eguneroko egin beharren artean saiatuena hortxe egiten du, kaka-tokian.
"I AM WHAT I AM", horra marketinaren azken eskaintza munduari, horra publizitate garapenaren maila gorena, zirikada guztietan aurreratuena, ohiko "izan zaitez desberdin", "izan zaitez zu zeu", "edan ezazu Pepsi" baino hagitzez aurreratuago. Kontzeptuak asmatzen igarotako hamarkada hauek guztiak, honetara iristeko, tautologia hutsera. NI=NI. Mutila lasterka ari da gailu mekanikoan, bere gimnasia klubeko ispiluaren aurrean. Neska lanetik dator, bere Smarten bolantean. Topatuko ote dira?
"NI NAIZENA NAIZ". Nire gorputza nirea da. Ni ni naiz, zu zu zara, eta hala oker gabiz. Masa pertsonalizazioa. Kondizio guztien indibidualizazioa: bizitzarenak, lanarenak, nahigabearenak. Eskizofrenia lausoa. Depresio narrasa. Atomizazioa partikula fin eta paranoikoetan. Kontaktuaren histerizazioa. Ni izateko nahia handitzen den heinean handitzen da sentitzen dudan hustasuna. Zenbat eta gehiago esan, orduan eta isilago nago. Nire buruaren atzetik zenbat eta gehiago korrika egin, orduan eta nekatuago nago. Leihatila aspergarri baten antzera kudeatzen dut, duzu, dugu gure Nia. Geure buruaren ordezkari komertzialak bilakatu gara: merkataritza bitxia. Pertsonalizazioz mozorrotutako anputazio baten berme emaile bihurtu gara. Hondakin bilakatzen garen arte eusten diogu, gure baldarkeria nola edo hala disimulatuz.
"X"-ren balioa askatzen pasatutako matematika klase amaieragabekoak
datorzkit burura gaurkoan. Oroitzen naiz nola ekuazio itsasoetan itotzen
gineneko ordu hilak ezer esaten ez ziguten emaitza marea batekin
amaitzen ziren, X=5, X=1, X=33, X=0, ederto, popatik hartzera. Eta
oroitzen naiz baita ere nola nituen "X" haien balio ezkutuak baino
jakinmin hadiagoa sortzen zidaten kontuak, ebatzi beharrekoagoak
iruditzen zitzaizkidan gaiak. Izango dira hamar bat urte zientzia
zehatzenganako interes ñimiñoa beste ardura batzuk zanpatu zutenetik,
ardura horiek gazte asanbladaren bidez bideratu nituenetik, MGA-k bere
egin ninduenetik, MGA geure egin genuenetik, eta paradoxikoki patuak
beste "X" baten aurrean jarri nau. Oraingoan, ordea, emaitzak badu
zentzurik.